Diziplinarteko proiektuak
Diziplinarteko proiektuetan oinarritutako metodologian eredu
Aurreko ikasturtetan EAEko ikastetxe desberdinetako irakasleek gure eskola bisitatu izan dute, txokoen zirkulazioan oinarritutako metodologia edo Hizkuntza Trataera Bateratuaren kudeaketa gertutik ezagutzeko asmoz.
Jakin badakigu gizartea aldakorra dela eta, hortaz, etengabe eraldatzen ari dela. Hala, ikasteko moduek ere garapena behar dute ezinbestean. Hori horrela, guretzat diziplinarteko proiektuetan oinarritutako metodologian dago hezkuntzaren gakoa, ikasleei ikaskuntza eta garapen pertsonal egokia eskaintzeaz gain, gizartean jazotzen diren aldaketetara moldatzeko aukera ematen baitu.
Informazio kopuru mugagabea duen gizarte honetan, metodologia tradizionalak ez du laguntzen ezagutza eraikitzen eta ikaskuntza eredu berriak barneratzen. Zaharkituta dagoen eredu horren aurrean, galdera bat edo egoera bat planteatzea eta pentsatzen, bilatzen, ikertzen, antolatzen, taldean zein banaka aritzen edota galderak egiten uztea eta hori guztia antolatzea da diziplinarteko proiektuen giltza. Metodologia integrala da, eta aldi berean sustatzen ditu oinarrizko gaitasunak zein ikasten ikasteko gaitasuna ere, hainbat ikasgaitako edukiak proiektu bakar batean uztartuta.
Ikaslea da deskribatzen ari garen metodologiaren protagonista, bere ikaskuntza eraikitzen duena. Ondorioz, ikaslearen arreta bereganatzea dagokigu irakasleoi; sormena eta informazioaren zein edukiaren manipulazioa ez ezik, ezagutzaren aurkitzaile aktibo izateko ere eskatu behar diogu. Hori horrela, ikaslearen ikaskuntza prozesua eta ezagutzaren eraikuntza gidatu behar ditu irakasleak, ikerketetan baliabideak zein aholkularitza eskainita. Txanponaren beste aldean, praktikan jarriko dituen proektuen plangintza eta ebaluazioa egiteaz arduratuko da ikaslea.
Prozesu horretan gaitasun ugari lantzen ditu ikasleak: pentsamendu kritikoa, problemen ebazpena, elkarrizketa eta askotariko komunikatzeko moduak. Azken finean, ikasketa funtzionalak, bizitzan eta gizartean modu eraginkorrean aritzea ahalbidetuko diotenak.
Gure eskolaren helburu garrantzitsuenetariko bat da konpetenteak izango diren pertsonak heztea. Helburu hori lortze bidean, ezinbestekotzat jotzen dugu berrikuntzaren alde egindako apustua indartzen jarraitzea. Esaterako, Haur Hezkuntzan aldez aurretik martxan zeuden irakas-praktika aldaketak maila guztietara hedatu genituen 2009.urtean.
Ordutik, diziplinarteko proiektuetan oinarritzen da gure hezkuntza proiektua; metodologia aktiboa bultzatzen dugu ikasleak eginez ikasten duela sinesten dugulako. Hala, gaitasuna garatzeko bidean, ikasleari ematen diogu heziketa prozesuaren protagonismoa eta ardura.
Bidea eraikitzen jarraitu behar dugula badakigun arren, egindako ibilbidean ikasitakoa partekatzeari oso garrantzitsua deritzogu, metodologia tradizionalak alde batera utzi eta XXI. mendeko ikasleei era integralean garatzen laguntze aldera.