HEZKUNTZA ESKAINTZA
San Martin Agirre Eskolak bat egiten du ondorengo ezaugarriekin:
1. Ikasleak daude erdigunean. Haurren garapen integrala da hezkuntzaren jomuga. Ingurunearekiko elkarrekintzari esker, norberak bere ezagutza eraikiko du. Esaten duenak garrantzia duela sentituko du ikasleak, maitatua eta baloratua sentituko da, ezagutu, ikertu eta elkarbanatzeko nahia bere horretan mantenduz. Ikasleei segurtasun fisiko eta emozionala eskaintzen dien giroa sortzean dago gakoa.
2. Euskalduna. Euskarak eskolan duen presentzia zeharkakoa izan behar da. Hizkuntzaren erabilera sustatze aldera, egoera formal zein ez-formaletan jarri behar da arreta. Hori horrela, euskara era komunikatiboan landuko da, ahozkotasunari berebiziko garrantzia eskainiz.
3. Ikaskuntza erabilgarria eta ikasten ikasteko gaitasuna bultzatuko dituen metodologiaduna. "Eskola-ikerketa" kontzeptuaren ideian oinarrituta, inguratzen gaituenaren gaineko ikaskuntza piztuko duen modelo didaktikoa defendatzen dugu.
4. Baliabide moderno eta aniztuna. Ikaskuntza erraztu eta jakintzaren demokratizazioa ahalbidetze aldera, ezinbestekoak dira hezkuntza-baliabide moderno eta anitzak.
5. Partaide guztiak barne hartuko dituen ebaluazio metodo hezigarri eta parte-hartzaileduna. Hezkuntza-prozesuak hobetzeko baliagarria da ebaluazioa. Proposatzen dugun ebaluazioak ezaugarri jakin batzuk ditu: ebaluazio hezigarria bultzatuko duten tresna eta estrategien aldeko apustua egiten dugu, memorizazioa sustatzen duten azterketetatik urrunduz, eta aukera berdintasuna zaildu zein irakaskuntza prozesuak estandarizatzen dituzten kanpo-frogak bertan behera utziz.
6. Eguneratutako prestakuntza. Lanbidearekin identifikatuta sentituko diren eta ongi prestatuak egongo diren irakasleez osaturiko hezkuntza sistema nahi dugu. Zer irakatsi? Zertarako irakatsi? Zein metodologia erabili? Nola ebaluatu?. Aipatu galderen hausnarketa bultzatuz, praktikaren inguruko ezagutza gaurkotua garatu behar du irakasleriak
7. Ikasleen behar eta erritmoetara moldatuko diren espazio eta denboretan oinarritutakoa. Autonomia, kooperazioa eta herritarren eraikuntza bultzatzea helburu izanik, ordutegi zabal eta malgua duen eskola proposatzen dugu.
8. Hezkuntza komunitatea osatzen dugun kide guztion artean kudeatutakoa. Eskola parte-hartzailearen alde gaude; horretarako, ezinbestekoa da ikasleen egunerokoan demokrazia presente egotea. Elkarlanean oinarritutako giro baten baitan parte-hartzea oso baliogarri eta aberasgarria da.
9. Publikoa, laikoa, demokratikoa eta kalitatezkoa. Eskola eskubidea da, ez pribilegioa.
10. Bizi dugun errealitatean agertzen diren problematikak izango dira edukien ardatz. Ikasleen beharrei erantzun behar diete eskolan lantzen diren edukiek, mundua ulertu eta bere eraldaketa sustatzeko baliagarriak izango diren erantzunak eraikitzera bideratu behar dira.