Historia

Lau hamarkada, hamaika borroka

44 urteko atzerako jauzia egin beharko genuke denboran eskola publikoaren jatorriarekin topo egiteko. 1970.urtean Ikastetxe Nazionalak eta Udal Patronatuak osatzen zuten Bergarako hezkuntza eskaintza publikoa; hurrenez hurren, espainiar estatua eta Bergarako udala ziren horien diru iturriak. Baina urteak ez dira alferrik pasatu. Lau hamarkadaren ostean ezagutzen dugun eskola publikoak ez du zerikusirik garai hartakoarekin.

Mutilek eta neskek ez zuten elkarrekin ikasten, auzoetan izan ezik. Ikastetxe bateratu baten hutsunearen eraginez, hirigunean zeuden hainbat gelatan ikasten zuten mutilek; neskak, berriz, Enseñanza ikastetxean biltzen ziren. Ikasleen masifikazioa, baliabide didaktikoen eta zerbitzu osagarrien gabezia, edota irakasleriaren lan baldintza kaskarrak ziren 70eko hamarkada hasierako eskola publikoaren ezaugarri nagusiak. 

Sortu berri zen eskola publikoaren erronka nagusia 14 urteko gazteen eskolaratzea sustatzea bazen ere, ez zen hezkuntza sistema publikoaren aldeko langileen borroka bakarra. Kultur Ekintzak jangela ireki eta eskola garraioa jarri zuen martxan. Horrez gain, indarrak bateratze aldera, 1972.urtean Guraso Elkartea sortu zuten. Euskalduntzearen aldeko lanarekin bat, zuzendaritza desberdinekin elkarlanean, hobekuntza ugari burutu zituzten. 

Urtebete beranduago, 1973-74 ikasturtearen baitan, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko (OHO/EGB) eraikin berria jarri zen martxan. Bi ikastetxe publiko bateratu ziren bertan: beheko solairuan Martinez de Irala ikastetxea (OHOeko maila guztietako neskak) eta lehenengo solairuan San Martin Agirre ikastetxea (OHOeko 6.,7. eta 8. mailako mutilak, baita 1. eta 5. maila arteko ikasle batzuk ere). Aurrerapausoak aurrerapauso, ikasle zein irakasleen sexu bereizketak bere horretan zirauen. Testuinguru horretan kokatzen dira irakasleek hezkuntza bateratuaren alde egindako ekimen ugari, indarrean zegoen legearen aurkakoak asko.

Euskararekiko konpromisoa

Garai hartan eskola publikoa osatzen zuten irakasle zein ikasle gehienek ez zekiten euskaraz. Hala ere, aipatzekoa da 1976ko apirileko Hezkuntza elebidunerako Herri Planari emandako erantzuna; izan ere, horri esker eman zitzaion hasiera hezkuntza elebidunari eskola aurrean. Hamarkada horren amaiera aldera, eskola euskalduntzeko pauso bat gehiago eman zen: Maria Pilar Lonarbide irakasleak Ikusi-Makusi argitaratu zuen, lau eta bost urte bitarteko haurrei euskaraz irakasteko metodoa, alegia.

Esfortzu horrek eman zituen fruituak; 1982-83 ikasturtean Martinez de Iralak eta San Martin Agirrek bat egin zuten administratiboki. Bateratze hori ez zen bat-batekoa izan, zenbait urte behar izan ziren hura burutzeko. Hutsik geratu ziren eraikinei erabilera emate aldera, Aranzadi Ikastolari Martinez de Iralaren lagapena egin zitzaion, etorkizunean eskola publikoak beharrik izango balu, hura berreskuratzeko baldintzapean.

Poliki-poliki euskara OHOeko maila guztietara iritsi zen; astean ordu batzuetako presentziatik euskal hezkuntza integralerako saltoa egin zen, Guraso Elkartearen babesarekin, baina Hezkuntza Ordezkaritzaren ezagutzarik gabe.

Eskola publikoaren aldeko borroka nekaezina

Garai horietan hasi zen gaur egunera arte iraun duen borroka konplexu bezain beharrezkoa. 1980ko hamarkadan eskolako matrikulazioa herrian jaiotakoen ehuneko 8 eta 10 bitartean kokatzen zen. Urteek aurrera egin ahala, kopuru hori hazten joan zen; 1998-99 ikasturtean jauzi kuantitatibo bat eman eta matrikulazioa ehuneko 38ra igo zen arte. Harrez gero, eskolako agente guztiek egindako lanari esker, portzentai hori mantentzea erdietsi dugu. Urteetan zehar burututako esfortzuaren emaitzak zoragarriak baziren ere, ikasle kopuruaren igoerarekin bat zenbait oztopori egin behar izan genien aurre. Izan ere, eskola nagusian, Boni Laskurainekoan, ez zegoen ikasle guztientzat nahikoa espazio. Hori horrela, garai hartako zuzendaritza taldea Martinez de Irala berreskuratzeko aldarrikapenekin hasi zen.

Sasoi gogorrak izan ziren, ez baikenuen gure ikasleei baldintza duinak eskaintzeko aukerarik. Baina gure proiektuan sinesten genuen eta ez genuen amore eman eraikuntza berreskuratu eta espazio arazoa konpondu genuen arte. Hala, Martinez de Iralako erakinaren egokitze prozesua hasi zen. 2013-14 ikasturte bukaerarako obrak amaitu ziren eta 2014-2015 ikasturtean Haur Hezkuntzako maila guztiak hara mugitu genituen.

Urteetan zehar burututako borrokak helburu bat jarraitu izan du: eskola publikoko ikasleei hezkuntza euskaldun, duin eta kalitatezkoa eskaintzea. Gaur egungo hezkuntza proiektua gauzatzeko espazioa eskola komunitatea osatzen duten kide guztien laguntzaz eraiki dugu. Amets bezala hasi zen proiektua denon artean egin dugu errealitate.