Hizkuntza Trataera Bateratua

25 urte baino gehiago pasatu dira euskal hezkuntza aldatzen hasi zenetik. Ohiko sistema elebakarra elebidun bilakatzearekin bat, geroz eta nabariagoa da atzerriko hizkuntzak irakaskuntzarako objetu gisa zein edukiak transmititzeko tresna moduan duen garrantzia. Horrekin batera, azken urteotan ugaldu diren migrazio-lekualdatzeen ondorioz, hizkuntza-biografia anitzak dituzten ikasleak heldu dira eskoletara. Ikasleen hizkuntza errealitate berri horrek, hein handi batean eleanitza eta kulturanitza denak, behartu egiten gaitu gogoeta egitera eta hizkuntzen irakaskuntzaren metodologia birplanteatzera.

Curriculumak dioen legez: "Hizkuntzak modu integratuan irakastea honako arrazoi hauen ondorio da. Batetik, ikasleak elebidunak edo eleanitzak direnez, une oro hainbat hizkuntza dakizkite eta horien bidez lortutako ezagutzak dituzte, beren euskarri kognitiboak eta emozioak osatzen dituztenak, hain zuzen. Eta, bestetik, hizkuntza-ikaskuntzak trukatzeko ahalmena eta, hiztunek parte hartzen duten eremuetan, hainbat hizkuntza aldi berean egon ahal izatea aipatu behar dira. Egiaztapen horien arabera, beraz, alor bakoitzean alorrari dagokiona landu beharko da eta bateragarriak diren gaiak guztien artea trukatu beharko dituzte, betiere bakoitzak erabilera egokia bultzatuta".

Horrela, Hizkuntzen Trataera Bateratuaren azken emaitza behagarria curriculumeko hizkuntzen programazio adostua litzateke, abiapuntu gisa asmo komunak eta antzeko metodologiak izan beharko lituzkeena, hizkuntza batean ikasitakoa besteetara transferitzea ahalbidetzeko; beti ere gure bi hizkuntza ofizialen egoera diglosikoa kontuan izanik.