Ikasleen Partaidetzarako Antolaketa
Partaidetza sustatzeko funtsezko eta ezinbesteko baldintza da motibazioa; hau da, parte hartzeko gogoa edukitzea. Hala ere, motibazioa ez da nahikoa; beharrezkoa baita ikasleek parte hartzen jakitea, parte hartzeko proposamenean esku hartu ahal izateko ezagutza edukitzea, eta gaitasun eta trebetasun batzuk izatea. Ondorioz, ikasleak partaidetzarako prestatu behar ditugu. Horrekin batera, dagozkien eginkizunetan esku-hartu ahal izateko behar dituzten modu eta mekanismoak eskaini behar dizkie eskolak.
Hori da, hain zuzen ere, Ikasleen Partaidetzarako Antolaketarekin (IPA) lortu nahi dena; hots, dagozkion ardurak eskainiz, ikasleria eskolako bizitzaren eragile aktibo eta protagonista bilakatzea.
Ikasleen Partaidetzarako Antolaketa deritzogun bi saio daude ordutegian (aurten ostegun arratsaldean). Ikastetxeko Elkarbizitza Plana, Tutoretza Plana, jasangarritasuna, eta ahozkotasuna modu esanguratsu eta errealaren bitartez landu eta gauzatzea da bi saio horien helburua. Gela barruko eztabaidak bultzatuz eta ekintza errealak burutuz, euskararen erabileraren inguruan ohiturak bultzatu eta finkatzea ere lortu nahi da.
Asmo hori errealitate bihurtzeko bidean, IPAk bost batzorde desberdin barne hartzen ditu: Ikasleen ordezkariak, Patio jolasak, Agenda 21, Aniztasuna/elkarbizitza eta Euskara Batzordea.
- Ordezkarien Batzordea. Eskolako gai desberdinak lantzen dira: ingurumena garbi mantentzeko ekimenak, elkarbizitzarako oztopoak gainditzeko bideak, jai jasangarriak, eskolako eta geletako arauen osaketa...
- Patioko Jolasen Antolaketa Batzordea. Astean birritan ikasleek aukeratutako jolasak antolatzeaz arduratzen da.
- Agenda 21 Batzordea. Tokian tokiko Agenda 21 ekimenetik luzatzen diren proposamenak gauzatzen ditu eskolan. Premiaren arabera ekintza puntualak ere antolatzen ditu.
- Aniztasuna/elkarbizitza. Berdintasunean eta aniztasunean bizitzeko nahiari jarraiki sorturiko taldea.
- Euskara Batzordea. Euskararen erabilera sustatzea du helburu.
Irakaslez eta zuzendaritzako taldeko kideez osaturiko Talde Sustatzaileak hartuko du bere gain IPA (Ikasleen Partaidetzarako Antolaketa) antolatzeko ardura eta batzorde guztietatik proposatuko dira girotze lanak.
Guztion parte hartzea eta inplikazioa oso garrantzitsuak dira elkarbizitza hobetu eta harremanak sendotzeko. Azpimarratzekoa da gure nahiak azaltzeko modua esaten duguna bezain inportantea dela. Hortaz, gure iritziak adierazten, adostasunetara iristen, proposamenak luzatzen… arituko gara Ikasleen Partaidetzarako Antolaketa saioetan.