Jolas garaia
Eskolan elkarbizitza bultzatuko bada eta eskolak integratzailea izan behar badu, edozein eratako diskriminazioa saihestu behar da. Horretarako, eskolak garbi izan behar du bertako espazioa ere partekatu egin behar dela; jolastokia da partekatu beharreko espazio garrantzitsu bat. Guztiek patioaz berdin gozatzeko eskubidea daukate, adinean edota sexuan oinarritutako bereizketek ez dute lekurik.
Jarraibide horiek kontuak harturik, San Martin Agirre herri eskolako ikasleak astean bitan ez dira futbolean aritzen jolas-garaian; era horretan, mutilek ez dute jolastokiko erdigunea bereganatzen. Futbolean aritzen ez diren egunetan birziklapena, kideen arteko harreman osasuntsuak eta beste hainbat aspektu lantzeko ariketa zein jolasak burutzen dituzte.
Ikasleen Partaidetzarako Antolaketaren baitan dagoen Jolastokiko Batzordeari dagokio asteazken eta ostiraletan patioan erabiliko diren jolas, material eta espazioak zehaztea. Ostegun arratsaldetan biltzen dira talde horretako kideak. Gorputz hezkuntzako orduak aprobetxatzen dira Jolastokiko Batzordearen baitan aukeratutako jolasak azaldu eta ikasteko.
Patio Batzordearen eta gorputz hezkuntzako irakasleen koordinazioari esker betiko jolasetako batzuk berreskuratu eta umeek ikastea lortu dugu.